Elhuyar Fundazioa

Elhuyar Fundazioa

Irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua gara. 1972an jaio ginen, zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Kultura-elkarte gisa egin genituen lehen urratsak, eta 2002an fundazio bihurtu ginen. Fundazioaz gain, Zubize SLU eta Eleka Ingeniaritza linguistikoa SL enpresek osatzen dute Elhuyar taldea.

Zientziak eta euskarak zutabe garrantzitsuak izaten jarraitzen badute ere, gaur egun, ezagutza aurreratua aplikatzeko zerbitzuak eskaintzen ditugun erakundea gara. Enpresa, gizarte-eragile eta administrazioei irtenbide berritzaileak sortzen laguntzen diegu, mundu globaleko egungo erronkei erantzunez, diziplina anitzeko ikuspegiarekin. Euskararen eta euskal gizartearen garapenean erreferente izateko, lankidetzan dihardugu zientziaren, adimen artifizialaren, hiztegigintzaren, itzulpengintzaren hizkuntza-kudeaketaren eta hobekuntza sozialaren eremuko profesionalekin.

Zientziaren gizarteratzea eta hezkuntzan hiru eremutan ari gara zabaltzeko lanean: kultura zientifikoa zabaltzen, gazteen zientzia- eta teknologia-hezkuntzako konpetentziak eta gaitasunak garatzeko ekimenak sortzen, eta kalitatezko komunikazio-zerbitzuak eskaintzen, bezeroaren beharretara egokituta.

Kultura zientifikoa sustatzeko lanean, zientzia eta teknologiaren aurrerapenen berri ematen dugu askotariko proiektuen bidez. Garrantzi berezia ematen diogu Euskal Herriko ikertzaileen lana eta iritzia zabaltzeari.

Hezkuntzaren eremuan, hezkuntza-sistema arautuan zein aisialdian lan egiten dugu. Gazteei tokiko ikertzaileak gerturatu, eta STEAM proiektuetan lan egiteko aukera eskaintzen diegu.

Zientzia eta teknologian espezializatutako komunikazio-zerbitzuak eskaintzen ditugu, zientzialariz, kazetariz eta hizkuntzalariz osatutako lantalde baten bidez; baina beste arlo batzuetako komunikazio-zerbitzuak ere eskaintzen ditugu, edukietan espezialistak baikara, euskarri orotako komunikazioan trebeak.

Search